Asier Sarasua(e)k dio:
Beno, ba axola ez bazaizue testutxo bat idatziko dut
Hiru.com-era
bidaltzeko. Zerrendan jarriko dut bidali aurretik.
Berandu baina idatzi dut. Ea zer iruditzen zaizuen.
"Egunon,
Euskarazko Wikipedia (
http://eu.wikipedia.org) osatzen laguntzen ari den
boluntarioen talde bat gara.
Agian jakingo duzuenez, Wikipedia entziklopedia digital bat da, gure
denbora librean eta lankidetzan eraikitzen ari garena. Edozeinek har
dezake parte artikulu berriak idazten, edo wikipediaren beste
hizkuntzetako bertsioetan existitzen diren artikuluak itzultzen.
Benetan uste dugu, Interneten euskarazko kalitatezko edukiak sortzeko,
ezinbestekoa dela euskaldun guztion partaidetza eta lana sustatzea. Are
gehiago, hain komunitate txikia izanik, eduki horiek, ezinbestez,
irekiak izan behar dutela uste dugu. Euskal Wikipedia euskaldun
guztiontzat eta, batez ere, euskal ikasleentzat eta hezkuntzan
murgilduta dauden lagun guztientzat tresna baliotsua izan dadin nahi
dugu. Lurmutur Hirian hezkuntza baliabide irekien alde sinatu zen
aitorpenaren alde gaude:
http://www.capetowndeclaration.org/translations/basque-translation
Hiru.com atarian oso kalitate handiko informazioa dagoela ikusi dugu,
Wikipediarentzeko oso baliotsua izan daitekeena. Informazio hori
Wikipedian berrerabiltzea interesgarria dela iruditzen zaigu. Hala ere,
horretarako traba bat aurkitu dugu: copyright lizentzia.
Wikipediarako sortzen ari garen informazio guztia "lizentzia libre"
baten pean (
http://www.gnu.org/copyleft/fdl.html) argitaratzen dugu.
Horrela, nahi duenak erabil dezake Wikipediako informazioa, nahi duen
erara (kopiatu, banatu, eraldatu...), betiere lizentzia horren
baldintzak betetzen baditu. Lizentzia hau ez da bateragarria Hiru.com-ek
darabilen copyright lizentzia klasikoarekin. Beraz, ezin dugu besterik
gabe Hiru.com-eko testuak eta irudiak hartu eta Wikipedian kopiatu edo
Wikipediarako moldatu.
Oztopo hau gainditzeko ikusten dugun biderik zuzenena (eta momentu
honetan bakarra), Eusko Jaurlaritzak Hiru.com-eko lizentzia aldatu eta
euskal Wikipediak erabiltzen duen litzentzia onartzea litzateke.
Aurrekoa posible ez bada, Hiru.com-ek behintzat lizentzia irekiago bat
erabil dezan (Euskaltzaindiak Hiztegi Batuarekin egin duen bezala)
proposatu nahi genuke. Gure ikuspuntutik, lizentziarik egokiena Creative
Commons-Attribution-Share Alike
(
http://creativecommons.org/licenses/by-sa/2.5/es/deed.eu) litzateke.
Izan ere, agian etorkizunean euskal Wikipediako lizentzia eta beste hau
bateragarriak izango dira, eta orduan bai, informazio hori berrerabili
ahal izango genuke.
Eskerrik asko idatzi hau irakurtzeagatik. Zuen erantzunaren zain
geratzen gara."
Asier.