Asier Sarasua(e)k dio:
Beno, ba axola ez bazaizue testutxo bat idatziko dut Hiru.com-era bidaltzeko. Zerrendan jarriko dut bidali aurretik.
Berandu baina idatzi dut. Ea zer iruditzen zaizuen.
"Egunon,
Euskarazko Wikipedia (http://eu.wikipedia.org) osatzen laguntzen ari den boluntarioen talde bat gara.
Agian jakingo duzuenez, Wikipedia entziklopedia digital bat da, gure denbora librean eta lankidetzan eraikitzen ari garena. Edozeinek har dezake parte artikulu berriak idazten, edo wikipediaren beste hizkuntzetako bertsioetan existitzen diren artikuluak itzultzen.
Benetan uste dugu, Interneten euskarazko kalitatezko edukiak sortzeko, ezinbestekoa dela euskaldun guztion partaidetza eta lana sustatzea. Are gehiago, hain komunitate txikia izanik, eduki horiek, ezinbestez, irekiak izan behar dutela uste dugu. Euskal Wikipedia euskaldun guztiontzat eta, batez ere, euskal ikasleentzat eta hezkuntzan murgilduta dauden lagun guztientzat tresna baliotsua izan dadin nahi dugu. Lurmutur Hirian hezkuntza baliabide irekien alde sinatu zen aitorpenaren alde gaude:
http://www.capetowndeclaration.org/translations/basque-translation
Hiru.com atarian oso kalitate handiko informazioa dagoela ikusi dugu, Wikipediarentzeko oso baliotsua izan daitekeena. Informazio hori Wikipedian berrerabiltzea interesgarria dela iruditzen zaigu. Hala ere, horretarako traba bat aurkitu dugu: copyright lizentzia.
Wikipediarako sortzen ari garen informazio guztia "lizentzia libre" baten pean (http://www.gnu.org/copyleft/fdl.html) argitaratzen dugu. Horrela, nahi duenak erabil dezake Wikipediako informazioa, nahi duen erara (kopiatu, banatu, eraldatu...), betiere lizentzia horren baldintzak betetzen baditu. Lizentzia hau ez da bateragarria Hiru.com-ek darabilen copyright lizentzia klasikoarekin. Beraz, ezin dugu besterik gabe Hiru.com-eko testuak eta irudiak hartu eta Wikipedian kopiatu edo Wikipediarako moldatu.
Oztopo hau gainditzeko ikusten dugun biderik zuzenena (eta momentu honetan bakarra), Eusko Jaurlaritzak Hiru.com-eko lizentzia aldatu eta euskal Wikipediak erabiltzen duen litzentzia onartzea litzateke.
Aurrekoa posible ez bada, Hiru.com-ek behintzat lizentzia irekiago bat erabil dezan (Euskaltzaindiak Hiztegi Batuarekin egin duen bezala) proposatu nahi genuke. Gure ikuspuntutik, lizentziarik egokiena Creative Commons-Attribution-Share Alike (http://creativecommons.org/licenses/by-sa/2.5/es/deed.eu) litzateke. Izan ere, agian etorkizunean euskal Wikipediako lizentzia eta beste hau bateragarriak izango dira, eta orduan bai, informazio hori berrerabili ahal izango genuke.
Eskerrik asko idatzi hau irakurtzeagatik. Zuen erantzunaren zain geratzen gara."
Asier.